INTUJAI

INTUJAI

miércoles, 5 de octubre de 2022

HELDU DA KONTUA ´22

 

 

"HELDU DA KONTUA ´22"

HELDUENTZAKO KONTALARITZA SORKUNTZA SARIA


Ekimen berri bat aurkeztera gatoz!!!

Urtero egiten dugun Euskal Narraitzaileen Topaketetan (AHOZ-AHO Jaialdi barruan) aukera izaten dugu langintzaz hausnartzeko, gure pozak, penak eta ezinegonak partekatzeko. Eta azken urtetan, beste gauza askoren artean, antzeman dugu bat egiten dugula behar urgente batekin: helduentzako ipuin zirkuito bat izatearen beharra.

Ideia honi bueltaka aritu gara azken hilabeteetan. Gure hasierako asmoa zen gaia patxadaz landu eta 2023. urterako zerbait martxan jartzea. Baina, erakundeekin harremanetan jarri garenean, guztia bizkortu da eta epeak gainera etorri zaizkigu.

Hala, aukera paregabea ikusi dugu, aurten bertan Heldu da kontua! ekimena martxan jartzeko. 
 
Labur kontatuta, ideia da helduentzako ipuin saioen zirkuito bat martxan jartzea, urritik otsailera. Jada lortu ditugu hainbat erakunde parte hartuko dutenak, eta asmoa da aukera ematea urtero 2 kontalariri zirkuito honetan parte hartzeko.

Gutxienez hiru saio eskainiko zaizkio kontalari bakoitzari, eta hau handituz joan daiteke, ekimenera atxikituz joan daitezkeen erakunde kopuruaren arabera. 
 
 
 
KARTELA



 SARITUAK

"HELDU DA KONTUA ´22" (Helduentzako Kontalaritza Sorkuntza Saria) epaimahaia osatu duten Itziar Rekalde, Joxemari Karrere, Iñaki Carretero, Dorleta Kortazar eta May Gorostiaga jaun-andreek honako hau

ERABAKI DUTE:

Epaimahaiak bi artista hauei HELDU DA KONTUA ZIRKUITOAn parte hartzeko saritzea erabaki du:

MIREIA DELGADO EXPOSITO eta MAIDER ALCELAY ROMERO.

Ikuskizunak:

MIREIA DELGADO: “HARIAK, JOSTORRATZAK ETA ZAURIAK”

MAIDER ALCELAY: “EMEEN KEMEN”  

 

Anbotoko Mari lekukoa izan da...

ZORIONAK BIOI !!!


Maider Alcelay eta Mireia Delgado. HELDU DA KONTUA ´22 . Anbotoko Mari lekukoa izan da.


ZIRKUITOA:

Zazpi herriek osatuko dute  “HELDU DA KONTUA´22”  ZIRKUITOA:

OÑATI

ARRASATE

BARRUNDIA

IRURAITZ-GAUNA

BERROBI

TOLOSA (AMAROTZ)

ZIZURKIL

Entitate hauen babesa ezinbestekoa da horrelako proiektua aurrera eramateko.

Mila esker hor egoteagatik!!!

 

EMANALDIAK:

Hauexe izango dira “HELDU DA KONTUA´22”  ZIRKUITOAren emanaldiak:


·       -OÑATI: 2022-10-26, asteazkena.

Mireia Delgado: “Hariak, jostorratzak eta zauriak”

 

·         -ARRASATE: 2022-11-17, osteguna.

Maider Alcelay: “Emeen kemen”

 

·         -BARRUNDIA: 2022-11-18, ostirala.

Maider Alcelay: “Emeen kemen”

 

·         -IRURAITZ-GAUNA: 2022-11-27, igandea.

Mireia Delgado: “Hariak, jostorratzak eta zauriak”

 

·         -BERROBI: 2022-12-18, igandea.

Maider Alcelay: “Emeen kemen”

 

·         -AMAROTZ (TOLOSA): 2023-01-03, asteartea.

Mireia Delgado: “Hariak, jostorratzak eta zauriak”

 

·         -ZIZURKIL: 2023-01-13, ostirala.

Maider Alcelay: “Emeen kemen”

 

May Gorostiaga, Maider Alcelay, Mireia Delgado eta Iñaki Carretero.


ARTISTAK / IKUSKIZUNAK:


MIREIA DELGADO EXPOSITO

(Durango)

Bere ipuinetako pertsonaien estilora, bizitzako hari desberdinekin dabil jolasean Mireia. Batzuetan kolektiboan, bestetan bakarrik, askotariko hariak erabiliz, askotariko proiektuak josten ditu.

Horrela ahozko narrazioa, irakurketa prozesuak, pedagogia, feminismoa, antropologia eta literatur-bitartekaritza harilkatuz, formatu desberdina duten hainbat proiektuetan topa dezakegu.

 

Mireia Delgado: "Hariak, jostorratzak eta zauriak".

“HARIAK, JOSTORRATZAK ETA ZAURIAK”

Helduentzako ahozko narrazio saioa

Lotzen gaituzten hariak ikusezinak omen dira eta batzuetan, zaila da haien neurria hartzea. Halere, beraien indarra senti daiteke. Eta batzuetan, hain dira indartsuak, beraien gainean orekari eusteko gai izaten garela.

Zein da hari horiek mantentzeko tentsio egokia? Zenbat tiratu eta zenbat askatu?

Korapiloak sortzean, zein muturretik egin behar dugu tira? 

Eta hariak apurtzean? Zeintzuk dira lotura horiek utzitako  orbainak?  

Nola josi ditzakegu hariak gero eta gutxiago josten duen jendarte batean?

Ikuspegi feminista duen ahozko narrazio hau ekilibrista izan nahi duen elefante batekin hasi eta hariak ondo josteko errezeta batekin bukatzen da.

50 minutuko ahozko narrazio honek ez ditu entzuleak sartu diren bezala ateratzen utziko. Hunkitzeraino solemnea eta barre egiteko aukerekin baita ere.

Beharrak: Espazio anitzetara egokitzeko gaitasuna duen proposamena da. 

Lekuaren arabera, mikroa edo bestelakoak behar izatea posiblea da.  

Iraupena: 50 minutu

 

 

 
MAIDER ALCELAY ROMERO

(Arrasate)

 Amatasunarekin piztu zitzaidan kontatzeko grina.

Behar bat bezala sortu zen horretatik, plaza desberdinetan nire kontalaritza ikuskizunak taularatzera pasa nintzen.

Euskal herriko zein nazio arteko kontalari desberdinekin ahozkotasunaren sekretuak eta ipuinak kontatzearen artea ikasiz joan naiz.

Haur, gazte zein helduentzako kontatzen dut liburutegi, kultur etxe, plaza eta areto desberdinetan.


Maider Alcelay: "Emeen kemen".


“EMEEN KEMEN” 

Helduentzako narrazio saio musikatua

Azken urteetan niganaino nolabait iritsi diren istorio sortak osatzen du saio hau. 

 

Batzuk irakurri ditut, beste batzuk bilatu egin ditut, aurkitu ere egin naute , kontatu didate, imaginatu egin ditut...

 

Istorio hauek konektatu egiten dira, naiz eta oso desberdinak eta munduko leku desberdinetakoak izan.

 

Beraien lotura, protagonista diren emakumeen bizitzeko, sentitzeko eta aurrera egiteko nahian datza, barrutik sortzen zaien indarra, beharra, desioa eta nahiak antzerakoak bait dira.

 

Igor Sala musikari Arrasatearrak jarriko ditu dantzan istorio hauek, bere atzamar arinek  ukitzen duten akordeoiaz baliatuz.

Beharrak: Espazio anitzetara egokitzeko gaitasuna duen proposamena da. 

Lekuaren arabera, mikroa edo bestelakoak behar izatea posiblea da.  

Iraupena: 50 minutu




 

"HELDU DA KONTUA ´22"

HELDUENTZAKO KONTALARITZA SORKUNTZA SARIA